XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egia da etxeko marinelak bi izanik txalupa txikian ibiltera kondenatuak ginela, eta erraz azaltzen zidan untzia ezeze arrantza mota ere besteek egiten zutenaren aldean arras bestelakoa zelako izaten ginela aldendurik.

Alabaina, seineruak noizean behin gure txaluparen albora inguratu ohi ziren, eta Osabak entelegaitz egiten zitzaidan berbaren bat edo keinuren bat egiten zien, bera ere seineru izandakoa baitzen, eta ez edonolakoa, antza.

Bakarka ihardun behar haretan bazen alde ilun bat, kezka zehaztezin baten antzera edo ondo mamitu gabeko ardura modura agertzen zitzaidana.

Denborak argitu beharko zidan jokabide bitxi haren zergatia; haatik, eta artean gaztea nintzenez, laster kentzen nuen nik burutik edozein kezka.

Belak maneiatzen Osabak zuen antzeak txalupako tostartean sei gizon bagina baino artezago eta zuzenago maneiatzeko balio izaten zigun.

Ez zen kontu bera, hala eta guztiz ere, txalupa txikietan ibiltea eta txalupandiko tostartean jesartzea.

Neguan bisigutan eta sardinatan Irlandako Itsasora joan gogo nuen, hasteko.

Noizbait Armada handiren batean izatea egiten nuen amets gero, gogoan hartu gabe Felipe Erregek guduak zituela munduko bazterretan, eta haren meneko marinelen gorpuek itsaspeak ongarritzen zituztela, Ameriketan nahiz Afrikako irla urrunetan legez hurragoko itsasoetan ere, Herbeeretan, Frantzian, Genoban eta beste leku askotan.

Haatik, egun handia heldu bitartean tertzak eta sare ttikiak inork baino hobeto erabiltea nuen kontsolabide.

Bai; egunen batean adurrak nire patua aldaraziko zuela itxaroten nuen, portutik inoiz urrunegi aldendu barik.

Halandaxe, harritzekoa ote da egun argitu zuenean ni portuan izana, Osaba Juanen aginduei ziztuak legez jaramon egiteko gertu, egon ere?

1585eko Domusantu egunaren biharamuneko goizean talaieruak Balea! aldarri egin zuenerako, haren ehizean itsasoratuko zen txalupandian enbarkatzeko irrikaz nengoen.